Iazko lehenengo edizioak izan zuen harrera ona ikusita, Anaia Nagusiak aurten ere “Anaidiko kide berriei” eta lehiaketan parte hartzen dutenei nahiz kide eta lagunei diploma berriak jasotzeko ospakizunera dei egiten die. Jardunaldia anaiartean igarotzera gonbidatuta zaudete guztiak.
Urriaren 20an izango da topagunea, 09:15ean, Toloño mendilerroan; mendilerroari izena ematen dion gailurra igoko dugu, eta, hala, oraindik gailur hori zerrendatik kendu ez dutenek horretarako aukera izango dute. Rivas de Tereso mendatetik Toloñoko gailurrera doan zeharkaldia egingo dugu, eta handik San Ginésko (Labastida) atsedenlekura abiatuko gara; gune horretan entregatuko dira diplomak, eta, ondoren, luntx bat izango da.
Halaber, opari bat emango zaie bai Anaidiko kide berriei bai ehun mendien sorta berri bat egin dutenei. Oparia ez zaio inoiz beste pertsona bati emango, edo ez zaie etxera bidaliko jardueran parte hartzen ez dutenei.
Izen-ematea doakoa da, baina Euskal Mendizale Federazioaren webgunearen bidez egitea eskertuko genizueke (izena emateko epea: urriaren 3tik, osteguna, 14ra, astelehena), mokadua antolatzeko eta inor gosez gera ez dadin.
Gutxienez 20 pertsonako taldea osatzen bada, EMFk autobus bat antolatuko du hiru hiriburuetako bakoitzetik; beraz, joan gabe gelditu nahi ez baduzue, zuen interesa aurrez jakin beharra dugu, egin beharreko aurreikuspenak egiteko. Izena ematen duzuen guztioi mezu bat igorriko zaizue behin betiko plana berresteko; hala ere, lehen batean, Donostiatik autobus bat irtengo da 07:00etan (Errotaburu pasealekua), beste bat Bilbotik 07:30ean (Julián Zugazagoitia –Miribilla pilotalekua-), eta Gasteizen elkartuko dira biak (Mendizorrotza); handik, Rivas de Teresora abiatuko dira, 08:30ean. Itzulera luntxaren ondoren izango da, 13:30ean, gutxi gorabehera.